es | eu
Twitter Flickr
  

BIZKAI MAHAI-TENIS FEDERAZIOA
FEDERACIÓN VIZCAINA DE TENIS DE MESA


BASQUE TEAM FUNDAZIOAK GABONETAKO GALA EGIN ZUEN

Urte hauetan Fundazioak bekatu dituen hainbat kirolari izan ziren ekitaldian eta enpresekin eta hezkuntzarekin lotutako #BaloreetanBAT proiektuaz gain, denboraldi honetako helburu nagusia aurkeztu zen: 2018ko PyeongChangeko Neguko Jokoak Ekitaldian Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buru izan zen, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak, Maite Iturbe EiTBko zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzaileak lagunduta   

Bilbo, 2017ko abenduaren 21ean. Basque Team Fundazioak bere kirolarietako asko eta enpresa eta instituzietako hainbat ordezkari bildu zituen atzo EiTBko Bilbo egoitzan kokatutako Multibox aretoan antolatutako Gabonetako galan. Ekitaldiak 250 gonbidatu baino gehiago izan zituen, teknikariak eta Fundazioarekin hamar urte hauetan loturik egon diren babesleak eta federazioateko kideak barne.

Fundazioaren 10. urteurrenari eskainitako tartearekin hasi zen gala. ‘Haatik’ dantza taldeak ospakizunerako espresuki sortutako koreografiak, zuzeneko musikaz eta ikusentzunezko pieza batez lagunduta, fundazioa sortu zenean ereindako hazi haretatik kimatu den guztia nabarmendu zuen. “Lagun iezaguzu kirol-hazia ereiten”, horixe izan zen galaren leloa. Basque Teametik deia egin zuten, goi mailako euskal kirolean datozen urteak ere orain artekoak bezain oparoak izan daitezen. Maite Iturbe Fundazioko presidenteordeak gonbidatuei ongi etorria egin zien eta ondoren Jon Esturok, Mikel Odriozola atletaren teknikariak, bertsoa bota zuen kirolari eta teknikarien ordezkari gisa.

Horren ostean Basque Teamek hamar urte hauetan kirol arloan eman duena errepasatzeko unea heldu zen. Momenturik onenak azpimarratu ziren, Maialen Chourraut eta Ander Elosegi piraguisten, Ainhoa Murua triatletaren, Leire Olaberria eta Amador Granados txirrindularien, Pablo Carrera eta Kako Aranburu tiratzaileen eta Patricia Elorza eta Eli Pineko eskubaloi jokalarien adierazpenen bitartez.

Ondoren, agurrei eskainitako blokean, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendaria den Jon Redondok Eguzkilore Urdina eman zien aurten goi maila utzi duten kirolariei: Unai Elorriaga txirrindulariari, Maria Lopez de Eguilaz eta Rocio Ybarra hockey jokalariei eta Kiyoshi Uematsu judokari.

Ekitaldiaren hurrengo zatian etorkizunera begiratzeko eskaera egin zitzaien gonbidatuei. Goi mailako kirolarien laneratzea bultzatzeko hitzarmena Fundazioarekin sinatu duten patronalekin, Quiron Salud bere kolaboratzaile nagusiarekin eta beste erakunde batzuekin batera, ‘BaloreetanBAT’ proiektua aurkeztu zuen Basque Teamek.

Proiektu horren bitartez Fundazioak aliantzak eta lankidetza estrategiak sortu nahi ditu enpresa munduan eta hezkuntzan, gizarteak hamar urte hauetan Basque Teamen inbertitu duena bueltan emateko asmoz. Eliteko kirola Euskadiko ezaugarri bereizle bihurtzea da asmoa, kirolaren eta osasunaren inguruko ezagutza bultzatuz eta gizartean aplikatuz, eta kirola bizitza sozialaren ardatz eta elementu dinamizatzaile bilakatuz.

Enpresen munduan, hezkuntzan eta osasunean aukera eta ekimen berriak sortzeko, eta integrazio sozialaren aldeko apustua azpimarratzeko Basque Teamek bost enbaxadore izango ditu: Alberto Iñurrategi alpinista, Maider Unda borrokalaria, Naiara Gomez piragüista, Richar Oribe igerilaria eta Eneko Llanos triatleta. Bost kirolariak aukeratu ditu Fundazioak BASQUE TEAM BALOREAK zabaltzeko euskal gizartearen mesederako, partekatutako proiektuen bitartez.

Etorkizunera begiratuta, baloreez gain, Fundazioak ez ditu alboratzen kirol helburuak. Aurten PyeongChangeko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak izango dira Basque Teameko erronka handiena. Atzoko ekitaldian neguko kirolariekin grabatutako telebistarako iragarkia aurkeztu zen, baita ETB1en eta ETB2n urtarrilean estreinatuko den ‘BAT To PyeongChang’ saioa ere.

Gala bukatu baino lehen kirolarien lana nabarmendu nahi izan zuen Basque Teamek. Kirolari olinpiko onenaren Eguzkilore Zuria Lucas Eguibar snowboardlariari eman zitzaion, kirolari ez olinpikoarena Patxi Peula patinatzailari eta kirol egokituan Jon Santacana eskiatzaileari eta Aitor Francesena surflariari.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzek itxi zuten ospakizuna. “Basque Team fundazioak 10 urte betetzen ditu baina oraindik beste asko geratzen zaizkio aurretik. Oraindik lan asko dago egiteko eta horregatik goi mailako kirolean ereiten eta arrakastak jasotzen jarraitzeko animatzen zaituztet. Banatutako kirol-haziak ereiten lagun iezaguzue” eskatu zuen Zupiriak.