Iker Sastrek brontzea jantzi du Dutch Openean, eta beste pauso bat eman du Tokio 2020ko sailkapenari begira
Iker Sastre mahai tenis egokituko jokalariak urrats garrantzitsuak
ematen jarraitzen du Tokyo 2020rako bidean, Stadskanaalen (Herbehereak)
jokatutako Dutch Openean brontzezko domina irabazi ondoren. Iker 2016ko
Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoen atarian geratu zen, eta oraingoan ez
du gauza bera gertatzea nahi.
Basque Team-eko bikaintasun-proiektuan kide den jokalariak taldekako
brontzea lortu zuen irailean Suediako Europako txapelketan, eta gaurko
emaitzarekin 2 klasean (gurpil-aulkian dabiltzan kirolariak) Munduko
bederatzi jokalari onenen artean mantentzen da. Datorren urtean
Japoniako hiriburuko hitzordurako plaza lotu nahi du Ikerrek.
Iker Sastre C multzoko bigarren geratu zen Holandako
torneoaren lehen fasean. Final-laurdenetan Miguel Angel Toledo bere
taldekidea gainditu zuen 3-0, baina finalerdietan Stephane Molliens
frantziarraren aurka etsi du (0-3).
“Zapore gazi-gozoa geratu zait, finala jokatzea gustatuko
zitzaidakeen, baina domina bat lortzeko helburua bete dut. Zerrendako 9.
postuari eutsiko diot, eta nire lehiakide hurbilenek posizio batzuk
galdu dituzte. Tokiorako txartela lortzetik gertuago nago, datorren
denboraldiaren hasieraren ziurtatzen ahaleginduko naiz”, azaldu du.